XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gibelean hezurren dardarizo urduria entzun duk... Noren dardarizoa ? On Segundoren hezurren ondoan Inguma eta Gaueko susmatu bide dituk hegaka (Gaua gauekoentzat, eta eguna egunekoentzat, Ingumes erromes/ ez niok hire beldurrez).

Laster ilargiaren argia igurzten hasiko zaik (Ilargi amandrea, zeruan zer berri?/ Zeruan berri onak orain eta beti, Goien goien irargia,/ erdian krabelina, Iretargiak argi egiten dau,/ zeru altuan bakarrik,/ zazpi aingeru atzian ditu, /zortzigarrena aurretik).

Hire osaba karlista hil zenean ere amona Bonifaziak jaiotetxeko teila bat erauzi omen zian, zenduaren arimak zeruranzko bidea errazago ukan zezan...

Amonaren hatsak berotasuna bidaltzen dik eta hona ailegatuko haizenean, Fidel, saratxotarren hagina eta mendiatarron lizarraren artean haritz bat sortuko duk, eta sekulorun sekulotan bakea eginen diagu gaur arte elkarri gorroto izan diogun familia biok. Edurne Saratxok eta hik mendiatarra haizen aldetik gainditu duzue garai bateko gure herra. Bonifaziaren betarte zimurtsua guztiz argi eta arrai ikusten duk orain, baldin eta hau dena espejismo hutsa ez bada...

Zurrumurruka dabiltzenen hezurrak fosforoa bailuten arimaren begiekin irribarrez eta argitan susmatu bide dituk. Frai Eustakioren esnezko arima, berriz, aingeruekin hegaka zebilek. Lehen Dororoteo, Timoteo eta Jerbasio Saratxoren sabelean asunak hazten zituan, orain, aldiz, mendiatarron arrosa-usain bera hedatzen ditek euren hezurrek, eta gustora hago.

Berriro bonben burrunba eta metrailaren zigorra Bilbo gainean. Euskaldunok ez gaituk sekulan eskarmentatzen; duela hirurogei urte Jerbasio Saratxo kapitain beltza eta Anizeto Mendia sarjento txapelgorria bezala, elkarri erasoka jarraitu diagu.